
EB ETA BERE ... |
Europako integrazio prozesuan oinarrizko beste gertaera batzuk jazo direla jakin arren, 1950eko maiatzaren 9aren garrantziaren ondorioz, estatuburuek eta gobernuburuek 1985ean Milanen egindako goi bileran maiatzaren 9a aukeratu zuten, Europaren Eguna, Europar Batasuneko jai ofiziala, izan zedin.
Bilera horretan, integrazio prozesuaren sinbologia ere aukeratu zuten:
Maiatzaren 9a Europaren Eguna izango zen, Europar Batasuneko jai ofiziala, 35 urte lehenago Schumanek irakurritako Adierazpenaren omenez.
Era berean, Europako bandera eta goratzarrea ere aukeratu zituzten.
Horri lotuta, Europar Batasuneko Goratzarrea Beethovenen Bederatzigarren Sinfoniako azken mugimendua izango zela zehaztu zuten, Alaitasunaren Goratzarrea edo Askatasunaren Oda ospetsua, alegia. Bat egitea erabaki duten herrialdeetako eta etorkizunean askatasunez bat egitea erabakitzen duten herrialdeetako hiritarren arteko askatasun, batasun eta bakeari eskainitako kantua da.
Bandera bateratuari zegokionez, gaur egun ezagutzen duguna diseinatu zen. Urrezko hamabi izar dituen bandera urdina, osotasunaren, batasunaren eta hobezintasunaren sinbolo. Hamabi izar baino ez ditu izango, Europako Batasuneko herrialde kideen kopurua edozein dela ere.
Azkenik, 2000. urtean, Aniztasunean bat eginda leloa erabiltzen hasi zen Europar Batasuna. 2004an Europako Konstituzioa ezartzeko sinatutako Itunean egin zen lehenengo erabilera ofiziala, eta europarrek EBn bertan bakearen zein oparotasunaren alde lan egingo dutela eta Europako kultura, tradizio eta hizkuntza ugariak kontinentearentzat aktibo onak izango direla adierazi nahi du.